Mooteu Euskadi 2025
Mooteu Euskadi 2025: Moodle, adimen artifiziala eta hezkuntza, Euskaltel Fundazioaren egoitzan
Maiatzaren 23an, MoodleMoot Euskadi – #Mooteu jardunaldiaren beste edizio bat egin zen Euskaltel Fundazioaren Derioko egoitzan. Hezkuntza-arloko profesionalak bildu ziren Moodle komunitatearen inguruan. HETELek, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteak, antolatu zuen, eta gaurkotasun handiko gai bat izan zuen ardatz: “Moodle eta adimen artifiziala hezkuntzan”.
Egun osoan, 9:00etatik 16:00etara, bilkurak eta tailer praktikoak egin ziren, helburu argi batekin: ikertzea adimen artifizialak nola hobetu dezakeen irakaskuntza Moodleren bidez (munduan gehien erabiltzen den hezkuntza-plataformetako bat).
Hitzaldi nagusia Amaia Anabitartek eta Sara Arjonak egin zuten, MoodleHQko ordezkariak biak. Plataformaren azken berrikuntzak aurkeztu zituzten, eta arreta berezia jarri zuten AA-tresnak gelan integratzeko moduetan eta gelan dituzten aplikazio praktikoetan.
Beste hitzaldi interesgarri batzuk ere izan ziren; besteak beste, hauek:
- “Moodle bidezko tutoretza-programa”, Urtzi Markiegi eta Maialen Aginagalde (Mondragon Unibertsitatea)
- “Moodle bidezko ebaluazio-metodo berritzaileak”, Ramon Ovelar (EHU)
- “Urruneko mahaigainak irakaskuntzarako tresna gisa, IsardVDIrekin”, Alberto Larraz (IsardVDI)
- “AA sortzailea hezkuntzaren aliatu gisa”, Egoitz Etxeandia (AIEDUtech & Teach For All)
Euskaltel Fundazioaren ordezkari gisa, Iñigo Gonzálezek arratsaldeko mahai-inguruan parte hartu zuen, eta teknologiak hezkuntzan duen eraginari buruz fundazioak duen ikuspegia eman zuen. Nerea Enbeitak, Euskaltel Fundazioko zuzendariak, hasierako eta amaierako ekitaldietan parte hartu zuen.
Ekitaldiaren babeslea eta anfitrioia Euskaltel Fundazioa izan zen, zeinak 25. urteurrena baitu 2025ean. Hain zuzen, Fundazioak eraldaketa digitala, prestakuntza teknologikoa eta inklusioa sustatzeko egindako lanari esker, teknologia ikastetxeei, gazteei eta, oro har, herritarrei hurbildu ahal izan zaie. Gainera, Fundazioak 16 urte baino gehiago daramatza HETELekin lankidetza estuan, eta zenbait proiektu bultzatu dituzte elkarrekin esparru akademikoan nahiz enpresa-munduan.
Mooteu 2025 aukera paregabea izan zen jardunbide egokiak ezagutzeko, Moodleren funtzionalitate berriak deskubritzeko eta hezkuntza-inguruneetan AA modu etiko eta eraginkorrean nola aplikatu daitekeen pentsatzeko. Euskaltel Fundazioak eskerrak ematen dizkie hizlari eta parte-hartzaile guztiei, eta, aldi berean, hezkuntza konektatu, berritzaile eta humanoarekiko duen konpromisoa berresten du.
Laguntzaileak


Publicaciones relacionadas
Joan den astelehenean, ekainak 2, Euskaltel Fundazioak bere 25. urteurrena ospatu zuen Guggenheim Bilbao Museoan egindako ekitaldi hunkigarri batean

2025-06-13
2000. urtean sortu zenetik, teknologiaren, berrikuntzaren, inklusioaren eta euskararen arteko zubia izan da, eta lurraldeari zerbitzua emateko bokazio irmoa izan du.

2025-06-13